XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oilar zaharra bere oilaskoen zain

SEGUNDO Mareyen bahiketa lotsagabea zipristin larriak sortzen hasi da 15 urte luze eta ixilen ondotik.

Madrilen, sozialixtak zauden agintari Felipe Gonzalez buru. Bere eskumakil zauzkan Barrionuevo eta Vera ministroak.

Hauek, auzitegian, gertakari hortaz deus ez dutela gogoan goraki erran dute. Bainan bahiketa gauan telefona dantzan jarri zen, Dantxariatik Madrileko minixteritzara.

Eta agertuak izan dira auzitegian.

Horien ukatzeko kopeta izanik ere, bi oilaskoak hobendun ekarriak izan dira eta hamar urteko presondegira kondenatuak, azkenean.

Lasa eta Zabala, Baionan bahitu eta bide beretik Cadiz ingururaino eraman eta gisu bizian lurperatzea, bi ministro horien denboran, hori ez da oraino jujatua izan, lekuko batek dena salaturik ere.

Bi gazte horiek tolosarrak ziren eta ez hendaiarrak, Marey bezala.

Beren korralean minixtro espanolek zer nahi egin dezakete Espainiako bizi lagunetaz, demokrazian daudela oihukatuz.

Europa guziaren aintzinean batere lotsarik gabe.

Felipe Gonzalez, orduko presidenta, nehork ez du sartu lan zikin hortan, orainokoan segurik.

Otso haundiek beren kideak ez dituzte ausikitzen. Eta hona non, Felipe Gonzalez, bere abokat alkian jartzera doan auzitegian bere oilaskoak xuritu beharrez edo bederen presondegi denbora laburtu nahian.

Bazterrak ez dira guti harritu Espainia guzian, salbu Zozialixten alderdian.

Hauen buruzagitza denboran, eskandala eta iruzur haundietan kondenatuak, hiru izarretako hotel-presondegietan egin zuten alegiazko penitentzia labur bat.

Euskal presoen aldera ez daukate jokabide berdina.

Beren legeen arabera kanpoan behar luketenak ez baidituzte libratzen, ez eta ere beren herrietara hurbiltzen.

Espainiako demokrazia espantuka diotenek beren legeak ere, beren gostura eta beren aldera erabiltzen dituzte, berdin zeiharkatzen edo ostikatzen, batere lotsarik gabe.

Frantzian oraino gibelago gaude, Marey, Lasa eta Zabala Iparraldean (Hendaian eta Baionan bahituak izanik) poliza buruzagi bat ere ez baita oraino auziperatua izan, ageri eta lekuko batzu agertu badira ere, bi bahiketa horien ondotik. Noiz arte ote?